MassChallenge Biscay ekimenak badauzka bigarren edizioko finalistak. Negozio-ideia berritzaileak dituzten hamabi enpresa sortu berri dira, Massachusettsera joango direnak azelerazio-programa trinko bat egitera. Programa hori MassChallenge azeleragailu iparramerikarraren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmen baten emaitza da.

Startup finalistek bi fase gainditu behar izan dituzte hautaketa-prozesuan, zeinetan aholkularitza ere jaso baitute negozio-ereduak edo garapen-ildo berriak zehazteko. Martxoaren 20ko astean bost eguneko programa trinko bat egingo dute MassChallenge ekimenak Bostonen dituen instalazioetan. Munduko beste toki batzuetako ekintzaileekin jarriko dira harremanetan, eta aukera izango dute beren proiektuak nazioarteko merkatura irekitzeko. Prozesu horren ostean, Bizkaiko 3 enpresa aukeratuko dira, zeintzuek MassChallenge lehiaketaren mundu mailako fasean parte hartu ahalko baitute.

Hautatutako enpresak askotariko jarduera sektoreetakoak dira, baina denek dauzkate negozio-ideia berritzaileak, inpaktua izateko gaitasun handia dutenak. Hauek dira startup finalistak:

IMG Pharma Biotech: bio-teknologiako enpresa bat da, zeinak sistema bat garatu baitu koloneko minbizia hobeto diagnostikatzeko, bio-markagailu likidoak eta bio-txipak erabiliz.

StemTeck Therapeutics: Cell2Sphere konponbidea sortu dute, zeinari esker entsegu eraginkorragoak egin baitaitezke minbizia detektatu eta tratatzeko.

Arrecife Energy Systems: argindar bihurtzen du olatuen energia, koral arrezifeen portaera imitatzen duten turbinak erabiliz.

Teslec Norte: haririk gabeko argindar teknologia, edozein tokitan argi puntuak instalatzeko aukera ematen duena.

Noismart: toki itxietan (lantokietan, eskoletan edo zentro publikoetan) kutsadura akustikoa detektatzeko eta erregulatzeko konponbideak.

Vostok Electric: ibilgailu elektriko merkeak garatzen ditu, aurrera egiteko garraio-eredu sostengarriagoak lortzeko bidean.

Augmented Interaction: errealitate handituan oinarritutako teknika berritzaileak pertsonen eta ordenagailuen arteko komunikaziorako.

Ludus VR: errealitate birtuala baliatzen du arlo profesional desberdinetan prestakuntza eta entrenamendua emateko, %100ean errealistak diren inguruneak sortuz.

Las Free Advertise – Yubidup: ingurune ez-digitaletako publizitate-kanpainak online eta denbora errealean kudeatzeko konponbidea.

Kapturall Solutions: marketing automation deiturikoan espezializatutako marketin digitaleko agentzia.

Gïk Live!: mahatsean oinarritutako edari alkoholdun urdin bat (ardo urdina bezala ere ezagutzen dena) merkaturatu duen startupa.

Zenat International Group- Perseus: ahuakatean oinarritutako elikagai berriak garatzen dituen konpainia.

Informazioa: Spri